2016/02/28

FURGONETAZ GAUA PASATZEKO ERAK



Badaramagu hainbat urte furgonetaz bidaiatzen eta,punta-puntako bidaiariak izan gabe,badugu zalantzarik gabe furgonetaz edo autokarabanaz bidaiatzearen inguruko iritzi bat guztiz osatuta.Post berri honetan,gaua pasatzeko frogatu ditugun eraz,ezagutzen ditugun deskontu bereziaz eta baita gai honi buruz egin ditugun hausnarketen inguruan hitz egingo dugu.Gau-pasa egingo al dugu?


NON EGINGO DUGU LO GAUR?




Bidaia bat planifikatzen hasten garenean,urrutira nahiz etxetik gertu, gaua pasatzeko lekuen zerrenda eramatea komeni da.Izan ere, nahiz eta libre samar bidaiatu edota ibilbide itxi bat ez izan, gaua non pasako dugun pentsatuta eramateak ezusteko eta egoera desatsegin ugari aurreztuko dizkigu; hala nola: isunak jasotzea, furgonetarekin arriskutsuak diren lekuetan sartzea... Gainera, gaua non emango dugun jakinda eguneko bisita lasaiago egingo dugu, modu horretan ez garelako kezkaturik egongo gaueko kontuarekin.



Gu honez gero era guztietako egoeratatik pasa gara, esperientzia liluragarrienetatik egoera katastrofikoenetara; horrexegatik, gaua pasatzeko eraz hitz egin nahi dugu oraingo honetan.


KANPINA, ACSI TXARTELAREKIN HOBE
 


Gaua pasatzeko modurik seguruena eta lasaiena da, baina abenturazaleontzat eskas samarra. Segurtasuna, zaindutako espazioak, lasai asko akanpatzeko eta zerbitzuz hornituriko leku baten bila bazabiltza(dutxak, denda, jatetxea…), furgonetaz gaua emateko era ezin aproposa da kanpina. Baina kontuz, kanpinetan ostatu hartzeak bidaiaren presupuestoa dexente handituko du. Lasai, horretarako dago Camping Car ACSI txartela.




Txartel horrekin behe denboraldian zehar, hau da uztailan eta abuztuan izan ezik, ACSI elkarteko kanpinetan (3142 Europan osoan zehar)preziorik onena lortuko dugu gaua pasatzeko. Txartelak eta bi liburuxkek osatzen dute Camping car ACSI sistemak eskaintzen duen materiala. Liburuxketan Europa osoan bazkidetuta dauden kanpinak eta euren inguruko informazioa aurki ditzakegu.
ACSI txartela Kanpinetako harrera-bulegoan erakusterakoan berehalako deskontua aplikatuko zaio gauari, izan ere, prezioak finkoak dira; hau da, kanpinaren kategoriaren arabera 11€, 13€, 15€, 17€ edo 19€ ordainduko dugu gaueko. Prezioak bi heldu, furgoneta edo autokaravana, txakur bat (onartua bada)eta argindarra barne hartzen du.Haurrengatik aparte ordaindu behar izaten da, baina badaude kanping “family friendly”, haurren sinboloaz bereizten dira eta horietan 5 urte arteko 3 haur hartzen ditu prezioak barne.
Gure esperientziaren arabera, ia segurtasun osoz esan dezakegu gau bateko egonaldiak ACSI txartelaren prezioa (15€ urteko)justifikatzen duela.
Sistema honi akats txiki bat topatu diogu, ordea. Uztailan eta abuztuan ez da baliogarria, kanpinaz gozatzeko aukera handiena ematen duten hilabeteetan, hain juxtu. Baina ongi begiratzen badugu ez da horrela, izan ere, kamping askotan uztaileko lehenengo astean eta abuztuko azkenekoan onartzen dute, beraz aurreztu ahal izango dugu baita udako oporraldian ere.

FRANCE PASSION, ESPAÑA DISCOVERY ETA FATTORE AMICO

 France Passion  sistemako harrera aparkalekua (Saint Emilion)


Gaua pasatzeko formula hauek turismo ibiltariari ateak irekitzen dizkio, jasangarriagoa eginez. Lehenengoari dagokionez, urtean 30€ren truke txartela, ibilgailua identifikatzen duen eranskina eta furgoneta edo autokarabanen turismo ibiltaria onartzen duten establezimenduen bilduma jasoko ditugu etxean.


Nola erabili?
France Passion zigilupean ardogile, nekazari, artzai…topatuko ditugu. Prest agertzen dira euren lur eremuetan gure ibilgailuak hartzeko, gaua pasatzeko.Gainera, euren lurrak, negozioak edota produktuak erakustea, nola ekoizten duten eta dastaketak  eskaintzea oso ohikoa da.

Orokorrean, pertsonak harremanetan jartzeko modu bat da, baina zehazki ekoizleak eta bidaiariak zuzen lotzen duen turismo egiteko modu bat da.Gure ustez,gaua pasatzeko sistema honek jasangarriagoa eta giza harremetarako aproposagoa egiten du bidaia.

Château  "Jardin Remarcable" (Saint Emilion inguruko ardo ekoizle baten etxean).
“Gonbidatuok”, berriz,arau batzuk hartu behar ditugu kontuan, hala nola: iristean gure burua aurkeztea, “Bonjour” eta elkarrizketa labur bat izatea bertako jabearekin hasiera on bat da beti. Nekazariek ezarritako ordu-muga errespetatu beharko dugu haien etxeetara jotzeko. Kontuan hartu behar dugu gehienek negozio bat gobernatzen dutela, familia dutela eta Frantzian egonik agian arratsaldeko 20ak berandu samar dela euren ateetan kax-kax jotzeko.


Ado dastaketa Domaine de Nans ardogilearekin (Côtes du Rhône)


Gaua pasa ondoren ez ahaztu agurtzea, bisita ongi eta zuzen bukatzeko modua da.
Ez gaude behartuta bertako produkturik erosteko, baina esan beharra dago etxeko marmeladak, gaztak, botila ardoak…gure furgonetan beti ongietorriak izan direla. Gainera,ekoizleari zuzen-zuzenean erosten diogu eta horrek berezi egiten du.

 
 "La Chèvre d'Andadure" gaztandegiari bisita ( Ardéche mendietako Parque Naturala).

France Passion sistemarekin bizipen atsegin eta ederrak izan ditugu beti.Espainian ere antzeko sistema martxan dago , España Discobery. 2007. urtean abian jarri zen eta gaur egun 160 ekoizle (ardogile, gaztagile, jatetxe, sagardotegi…) biltzen ditu bere zigilupean. “Turismo sano a bordo de autocaravanas” lelopean, urtetik urtera gero eta ekoile gehiago bazkidetzea lortu duen empresa da, kanperren munduari keinu eta harrera polita eginez.
Azkenik, ez dugu aipatu gabe utzi nahi Fattore Amico. Gaur egun 508 ekoizle biltzen ditu eta aipatutako bi sistemen kidea da, baina Italian.
Gure uste apalean, bidaiatzeko modu honek, dena den zigilupean, gure bidaiari balioerantsi bat ematen dio, jendearekiko zuzeneko tratuak aberastu egiten gaitu eta bisitatu nahi dugun herrialdearen errealitatea hobeto ulertarazten digu. Gainera, kalitatezko produktuak eta ekoizleari zuzenean erosteko aukera ematen digu. Ezin hobeto!



AUTOKARABANA GUNEAK

 Neuhaseneko autokarabana gunea (Rhin ibaiaren urjauziak, Suitza).

Guztiz hornitutako furgoneta badugu eta han-hemenka ibiltzea gustuko badugu, autokarabana gunea aukera ona da. Gune horiek bidaia egiteko autokarabana batek behar dituen zerbitzuak eskaintzen ditu: ur zikinen hustuketa, ur edangarriz gordailuak betetzea, aparkatzeko eta lo egiteko espazioa eta zenbait kasutan  baita dutxa eta harrikoa egiteko hornidurak ere. Doanik izaten da askotan, gunea udalaren menpe badago; bestetan, berriz, ezarritako prezio bat ordaintzen da (normalena da kanpinetako prezioa ez gainditzea)kudeaketa pribatukoa bada. Aukera honek ez du akanpatzea baimentzen, eta beraz, kanpinetako elementuak (mahaia eta aulkiak, toldoa…)ezin dira zabaldu. Familia bidaiariontzat aukera hau hankamotz geratzen da orduan. “Ez al ginateke hobe beste leku batean egongo? Umeek korri eta jolas egiteko beste leku batean” Pentsatzen hasten gara… Hala ere, onartu behar dugu autokarabana guneek lekua bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen digutela eta oso egokiak direla hiri handiak bisitatzeko, kanping bat ordaindu gabe.
Autokarabana guneak topatzeko internet-atari ugari dago, besteak beste:


Hala ere, guk furgonetako kaxoi batean paperezko argitalpen bat eramatea gomendatzen dugu, badaezpada.


NON EROSI AIPATUTAKO PRODUKTUAK?
Produktu horien interneteko orrialdeetan eros daitezke (ACSI, France Passion, España Discobery…).Guzti horiek, ordea, orrialde bakar batean topa daitezke: Europa Stops. Enpresa horren bidez, erosketa errazagoa da eta produktua azkarrago iritsiko da etxera.


PARK4NITGH ETA FURGOPERFEKTOAK
Sao Torpes hondartzako furgoperfektoa (Portugal)


Park4 Nitgh mugikor, tablet eta baita hainbat nabigatzaileentzako aplikazioa da. Aparkaleku multzo zabala , orokorrean egokiak gaua pasatzeko,autokarabana eta kanperren zerbitzuak eskaintzen dituzte guneak, hainbat kanping eta aisialdi-guneak biltzen ditu.
Guk tabletan kargaturik daramagu eta, topatu diogun desabantaila bakarra aplikazioa erabiltzeko interneterako konexioa izateko beharra da. Aplikazio honek aparkalekuen inguruko informazio zabala, argazkiak, aparkalekuetan topatuko ditugun zerbitzuak (WC,ura…)eta erabiltzaileen azken iritziak biltzen ditu. Orokorrean, gaua pasatzeko leku aproposak dira, hau da, gaua pasatzeko eta goiz ateratzeko dira. Gure esperientziaren arabera (Suitzan zehar ibilbide oso bat egina dugu horrelako aparkaleku mota erabiliz), fidagarriak dira neurri handi batean.

Parking Park4 Night, Suitzako lekuren batean...


Azkenik, zerrenda luze honen bukaeran, furgoperfekto motako aparkalekuak aipatu nahi ditugu, gure uste apalean, ezagutzen ditugun sistemen artean arriskutsuena, ongi erabili ezean. Leku zoragarriak topa ditzakegu haien artean, baina furgoperfektoa benetan egoera onean dagoen eta oraindik erabilgarri den jakiteko ikerketa lan txiki bat egin beharko dugu abiatu aurretik. Horretarako, Furgoperfektoak biltzen duen orrialdea bisitatzea eta erabiltzaileen azken iritzi eta gomendioak irakurtzea gomendatzen dugu:  

 http://www.furgovw.org/mapa_furgoperfecto/

 Porto Covoko furgoperfektoa, Portugal.


Argi dago, bidaia motaren arabera, aurrekontua, familia-egoera edo ditugun planak edo abentura gogoen arabera gaua pasatzeko sistema bat edo beste bat aukeratuko dugula. Post honekin gaia argitu nahi izan dugu, beti gure ikuspuntutik eta esperientzia zabal eta pertsonaletan oinarriturik, besterik ez. Espero dugu zalantzak zeuzkaten Kanper erabiltzaileentzat baliagarria izatea eta hain ezagunak eta zabalduak ez dauden gaua pasatzeko sistemak ezagutaraztea eman izana.

Guk gure aldetik jarraituko dugu ikertzen eta probatzen, bidaiatuz eta biziz, biziz eta bidaiatuz.

Bidaia on bat izan!



iruzkinik ez: